Zinemastea

Euskal zinemaren industriako profesional askok baieztatu dute Zinemastearen 41. edizioan parte hartuko dutela. Jaialdia datorren ostiralean, urtarrilak 24, hasiko da.   

Pablo Hernando Zinemastearen inaugurazioan izango da ostiralean, hilak 24 (19:30ean), Una ballena bere filmaren eskutik. Zinema-areto komertzialetan estreinatzear dagoela, Sitgeseko Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian film onenaren izendapena jaso du. Zuzendari gasteiztarra egungo zinema independentearen ahots originalenetako bat da.

Daniel M. Caneiro zuzendaria Zinemasteara joango da larunbatean, hilak 25, Deviant lana aurkeztera. Gabonetan girotutako beldurrezko komedia da, Bilboko Fantasiazko Zinemaldian estreinatua, eta umorea eta izugarrikeria uztartzeko duen gaitasunagatik nabarmendu zen. Kevin Iglesias zintaren ekoizlea eta Gorka Aguinagalde aktorea izango du lagun.

Malagako Zinemaldian Kritikaren Saria jaso ondoren, Andrea Jaurrieta zuzendari nafarra Gasteizera etorriko da igandean, hilak 26, bere bigarren film luzeaz hitz egitera: Nina, kostaldeko herri batean kokatutako western kutsuko lana.

David Pérez Sañudo astelehenean, hilak 27, Zinemasteara etorriko da bere lantaldeko kide batzuekin, Miren Gaztañaga aktorearekin eta Txani Rodríguez idazle gasteiztarrarekin, hau da, Azken erromantikoak lana inspiratu duen eleberriaren idazlearekin. Film hori gaur egungo euskal zinemaren ahots garrantzitsuenetako baten bigarren film luzea da.  

Urko Olazabal aktorea izango da asteartean, hilak 28, Soy Nevenka filmaren ordezkaria Gasteizen. Film luze zirraragarria da, eta Nevenka Fernándezen benetako kasuan sakontzen du, Espainiako politikan sexu-jazarpenaren lehenengo kasu publikoa izan zen horretan, hain zuzen ere. Aretoko publikoak Icíar Bollaín filmaren zuzendaria izango du online. 

Asteazkenean, hilak 29, La Infiltrada thrillerraren txanda iritsiko da. Thriller horrek benetako historia zirraragarri batera hurbilduko gaitu, eta milioi bat ikusle baino gehiagoren interesa bereganatu du zinema-aretoetan, eta hamahiru izendapen izan ditu Goya sarietan. Arantxa Echevarria zuzendaria bertan izango da, Iñigo Gastesi aktorearekin batera.  

Marco lanaren aurkezpena ostegunean, hilak 30, egingo dute Jon Garaño zuzendarikideak eta Iñigo de la Iglesia aktoreak. Zuzendariak online hartuko du parte eta aktorea aretoan bertan izango dugu. Aitor Arregirekin batera, zuzendari biek gai unibertsalak tokiko ikuspegietatik jorratzeko sentsibilitatea ezaugarri duen zinema egiten dute, Donostia eta Goya jaialdietan oso saritua. 

Zinemastearen 41. edizioaren amaieran, ostiralean, hilak 31, Nacho Vigalondo Daniela forever filmaren zuzendaria izango da protagonista, Nahikari Ipiña filmaren ekoizlearekin batera. Duen estilo berritzaileagatik eta generoak nahasteko gaitasunagatik ezaguna, Vigalondoren lan-ibilbidea 7:35 de la mañana film laburraren eskutik hasi zen (2003), Fikziozko Film Labur Onenaren Oscarretarako izendatua izan zen-eta.